
Arizmendik aurrera jarraitzen du. Ezuste, oztopo eta eragozpen guztien gainetik segitzen du bere hezkuntza-eraldaketan. 2019an Ametsak betetzeko daudelako! izenburuarekin dokumentua sortu zuen eta 2019-2020 ikasturtean zehar aurkeztu zitzaien, bai gurasoei, bai profesionalei. Talde-dinamikak antolatu ziren eta iritziak jaso ziren, baita aldaketa-proposamenak ere.
Covid-19 pandemiak lan franko zaildu bazituen ere, denei erantzuten saiatu zen ikastola. Ametsak betetzeko daudelako! dokumentua zuzentzeari ere ekin zitzaion. Horren ondorioz, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak berridatzi, liburu bihurtu eta ingelesezko bertsioa moldatu zen.
Liburu hau udan eta udazkenean egina da, Arizmendi ikastolaren aldaketarako teoria eta hezkuntza-proposamena jasotzen ditu eta, ezinbestez, jatorrizko izenburu hura, Ametsak betetzeko daudelako! mantendu da, Konfiantzaren Pedagogiarekin batera. Lan kolektiboa izan da, Arizmendi Ikastolaren komunitatearena.
Urte berria hastearekin batera, urtarrilaren amaieran, ale bana jasoko dute Arizmendi ikastolako familia eta profesionalek, ikastolako hezkuntzaren itsasargi bezala erabiltzeko.