
Aurten Almenekoak kanpoko eremuak atontzeko lanetan ari dira buru belarri. Iaz DBHko proiektuetan jolas eremuan lurra margotzen aritu ziren ikasleak eta gurasoekin antolatutako auzolanerako deialdian, berriz, egurrezko paletekin eserlekuak eraiki zituzten.
Aurten, berriz, baratzaren gainean dagoen baso eremuan, gela oso bateko ikasleak jasotzeko besteko egurrezko egitura eraikitzeko lanei ekin diete. Zergatik? Bada, basoan eserita egoteko leku goxoa edukitzeak joko handia ematen duelako; basoko giroa ezin hobea delako gelako hainbat lanketa bertan egiteko: izan bilgunean egoteko, naturarekin lotuta behaketa lanak egiteko, eztabaidak edo irakurketa saioak egiteko edo klaseko jarduna kalean egiteko modukoa denean bertara joateko.
Azken ekimen hau kanpo eremuak ematen dituen aukeren gainean hausnartzen aritu den batzordearekin lotuta etorri da. Egurrarekin lan egitera ohituta dagoen Jon Pagaldai eta gure lankide ohia den Joselu bete-betean ari dira bertan lanean eta irakasle taldea ere animatu da bere ekarpena eginez parte hartzera.