BERRIAK

Alemaniatik pozik itzuli dira trukeko ikasleak
parlamentuan, Estrasburgon

Atzo itzuli ziren bost eguneko egonalditik Alemaniako trukean parte hartu zuten ikasle eta irakasleak. Christophorus-Kantorei abesbatzakoekin batera kontzertua eskaini zuten Altensteig herrian igandean eta ondorengo egunetan Oihan Beltzeko hainbat leku eta Estrasburgo hiria bisitatu dute.

Kontzertuan 70 lagunetik gora parte hartu zuten
Igandeko kontzertuan Arizmendi Ikastolako abesbatzakoekin batera Christophorus-Kantorei abesbatzak ere kantatu zuen eta lau abestitan alemaniar ikasgaia duten ikasleek ere parte hartu zuten. Amaieran denok batera Nerea izango zen eta Der mai ist gekommen abestiak kantatu zituzten.
Kontzertuaren hasiera bertako abesbatzakoek egin zuten hiru abesti eskainiz eta ondoren, lehenengo zatian, abesbatzako kantariek honako abesti hauek kantatu zituzten: Hallelujah (L. Cohen), Can you hear me (B. Chilcott), You raise me up (arr: R. Emerson), Ilargia (KEN7, egok. J. Zeberio), Vois sur ton chemin (Barratier ­Coulais), Some one like you (Adele­ D. Wilson), Ez etzi-Let it be (Lennon ­McCartney, egok. Arizmendi Abesbatza), Maritxu nora zoaz (J. Busto) eta Nesiponono (Hego Afrikakoa, egok.J. Van der Sandt). Bigarren zatian, trukean parte hartzen ari ziren beste ikasleek lagundu zieten lau abestitan: Uso xuria (X. Sarasola), Binbilibonbolo (X. Sarasola), Iruten ari nuzu (X. Sarasola) eta Xalbadorren heriotzean (Xabier Lete, egok. J.C. Irizar). Amaitzeko, bi abesbatzek elkarrekin bi kanta abestu zituzten: Nerea izago zen (J. A., egok. J. Busto) eta Der mai ist gekommen (E. Geibel/J.W. Lyra/F.Silcher).

Bost egun kultura eta hizkuntza trukean

Ekainaren 17an aterata 22ra bitartean 60 ikasle eta lau irakasle Altensteig hirian (Alemania) izan dira bertako eskola batekin elkar-trukean. Iaz, Espainiar estatuan zehar ibili zen Christophorus-Kantorei abesbatza, eta, Euskal Herritik pasatu zenean, Debagoienean egin zuen hiru egun. Ekimen horrek aukera eman zien Arizmendi Ikastolakoei Alemaniako bost eguneko egonaldirako. Trukean egon direnak Gaztelupeko eta Almeneko DBHko abesbatzako ikasleak eta DBH3-4 eta batxilergoko alemaniar ikasgaiko ikasleak izan dira. Kontzertua eskaini ez ezik, kultura eta hizkuntza aberasteko ere aprobetxatu dute egonaldia, eta Estrasburgo, Stuttgart eta Tubingen hiriak bisitatuko dituzte.

Urte oparoa R. Murgiondoren abesbatza taldearentzat

Rakel Murgiondo ikastolako abesbatzaren zuzendaria izan da ekimena martxan jarri zuen irakaslea June Anduaga alemaniar irakaslearekin batera. Hezkuntza ez fomalaren barne abesbatza eskaintzen zaie Almen eta Gaztelupeko ikasleei eta ikasturte honetan LMH 1. mailatik DBH 4. mailara 100 ikasle inguru aritu dira kantu zaletasuna lantzen.

Urtero hainbat emanaldi prestatzen dituzte. Ikasturte honetan “Fair Saturday 2015” jaialdian, Arizmendi Ikastolak antolatutako Debagoieneko Haur Abesbatzen topaketan eta Tolosako Leidor Antzokian Juantxo Zeberiok eta Laskorain ikastolako abesbatzak antolatutako ekitaldian parte hartu dute. Gabonetan Errenteriako Gabon Kanten txapelketan zilarrezko bi sari lortu zituzten.

 

Argazkiak: kontzertua, inguruko hiriak, Estrasburgo