BERRIAK

Alemaniako Christophorus abesbatza trukean ikastolan
Christophorus-Kantorei

Igandetik asteartera bitartean Arizmendi Ikastolak Christophorus abesbatza hartuko du gonbidatu. Alemaniako Alstensteig-eko (Oihan Beltza) gazte abesbatza Espainian zehar ibili da aurreko egunetan kontzertuak eskaintzen, eta datorren astean Euskal Herritik pasatuko da, ikastolako abesbatzarekin trukea eginez.

Igande eguerdian iritsiko dira Arrasatera eta iluntzean, 20:00etan, San Juan parrokian kontzertua eskainiko dute ikastolako abesbatzarekin batera. Astelehena ikastola, Arrasate eta Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzeko aprobetxatuko dute, eta asteartean Palentziarantz abiatuko dira. Abesbatzako kideen familiak ez ezik alemana ikasgaitzat duten ikasleen familiek ere hartuko dituzte etxean alemaniar gazteak.

Christophorus-Kantorei abesbatzak 30 eta 40 kontzertu eskaintzen ditu urtean zehar Alemanian ez ezik, bere mugetatik kanpo ere. 15 eta 19 urte bitarteko gazteek osatzen dute, eta bere ibilbidean hainbat eta hainbat sari jaso ditu. Errepertorioa musika sakratua zein herrikoiaz osatuta dago, gehienbat a capella abesten dutelarik. Maila bikaina duen abesbatza honen zuzendaria Michael Nonnemann da.

Arizmendi Ikastolako abesbatza ere sendo dabil azken urteetan. Aurten, esaterako, hainbat ekitalditan parte hartu dute: Errenteriako Gabonetako txapelketan, Tosca operan, Debagoieneko Eskolarteko Abesbatzen topaketetan eta Tuterako ikastetxe batekin trukean.