BERRIAK

Aldaketaren teorian sakontzen

Mundua etengabeko aldaketan bizi da. Bera osatzen duten pertsonak, haur, nerabe, gazte edota helduak, ezin dira mundua den bezala ezagutzera mugatu. Litekeen mundua sortuko duten pertsonen hezkuntza behar da eta Arizmendik horretan eragin nahi du. 

Ezin dugu etorkizuna aurreikusi baina biharko erronkei aurre egingo dieten pertsonak garatzen lagundu nahi dugu Arizmendin. Pertsona kooperatiboak, barne sendotasuna dutenak, euskaldunak, eraldatzaileak, sortzaileak, analitiko-kritikoak eta hurbilekoak eta enpatikoak.

Gizarte eraldaketa saihetsezina eta geldiezina da. Prozesu bizia da, etengabeko garapenean. Horregatik, asteartean, arratsaldeko 5etan, Arizmendiko profesional guztiak Almen gunean elkartu ziren Ametsak betetzeko daudelako! liburuaren edukietan gehiago sakontzeko.

Lan saioaren argibideak eman ostean, talde txikitan banatu eta Almeneko gela eta txokoetan sakabanatu ziren. Liburua osatzen duten bi atalak lantzeko 2 ordu izan zituzten. Lehenengo zatia kontakizuna: nondik gatoz, zerk bereizten gaitu, zergatik eta zertarako, gure ametsak… Bigarren zatia, pertsona eredua: 7 bereizgarri eta 27 ezaugarri alde batetik eta 12 hezkuntza-ildoa eta 25 aukera metodologikoak bestetik.

Jasotako ekarpenek liburuaren argitalpen berria eragingo dute, gurasoei urriko bileretan agertuko zaiena. Eta prozesuak jarraituko du ikasturtean zehar, gurasoek emango dituzten iritziekin eta egingo dituzten ekarpenekin. Argazkiak.