BERRIAK

200 gazte inguru microFLL torneoan

200 gazte inguruk hartu zuten parte microFLL MONDRAGON INNOBASQUE torneoaren lehen edizioan. Goi Eskola Politeknikoaren Iturripeko Campusean izan zen aurreko larunbatean. Arizmenditik DBH4ko 5 taldek hartu zuten parte, 3 Gaztelupetik eta 2 Almenetik.

Emozioz beteriko taldekako ikasketa esperientzia honetan, ikasleak ikerketa eta zientziaren arloan murgildu dira. Lehen edizio honetan 20 taldek hartu dute parte, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe ezberdinetatik etorritakoak.

Irekiera ekitaldi ikusgarri batek eman zion hasiera egunari. Bertan, Markel Olano (Gipuzkoako Ahaldun Nagusia), Iñigo Ucín (MONDRAGON Korporazioko presidentea), Bixente Atxa (Mondragon Unibertsitateko errektorea), Maria Ubarretxena (Arrasateko alkatea), Leire Bilbao (Innobasqueko zuzendari orokorra), Manu Salaverria (Innobasqueko presidentea) eta Ainhoa Aizpuruk (Ekonomia Sustapenerako Gipuzkoako Ahalduna) botoi handi bat sakatuz bertaratutakoak INTO ORBIT erronkan murgiltzera gonbidatu zituzten.

FIRST LEGO League Euskadiren finala otsailaren 16an izango da Gasteizko Europa Jauregian, eta bertan parte hartuko duten zenbait taldek beraien proiektuen egoera aztertzeko aukera izango zuten microFLL MONDRAGON-INNOBASQUEn.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 44 ikastetxetako 1.500 ikaslek hartuko dute parte FIRST LEGO League Euskadiren hamargarren edizioa den honetan.

Aurten ikasleek INTO ORBIT erronkari aurre egin beharko diote, zientzia-proiektua, robotaren jokoa eta balioen atalean. INTO ORBIT erronkaren baitan partaideek espazioan bizitza errazteko soluzio berritzaileak proposatu beharko dituzte, bertan urtebetez bizitzeak sor ditzakeen arazoentzako konponbideak emanez. Argazkiak eta bideoa.