
Artículo publicado íntegramente en euskera (Goiena: Puntua)
GU eta GUK, gara eta egiten dugu, komunitatea, ikastola eta auzoa.
Pasa den abenduaren 17an Santa Teresa ikastola-guneko komunitate kooperatiboak aurkeztu zuen liburuan GU eta GUK hori ondo baino hobeto agertu zuen.
Ez dago hezkuntza kooperatiboa, herritarra izan gabe. Hezkuntza kooperatiboa jabego kooperatiboa eta metodologia hutsa baino haratago doan praxia da. Hezkuntza kooperatiboaren askotariko ezaugarrien artean gizartearekiko izan behar duen interakzioa dago. Bereziki ingurumariko gizartearekiko joan-etorria. Alegia, herritarra.
Hezkuntza-komunitatea diogunean, ikasleak, horien gurasoak, profesionalak eta laguntzaileak buruan ditugu Bistan da! Baina komunitate hori zabalagoa da, beste eragile batzuek zuzenean edota zeharrean denon heziketan inpaktu jakin bat dutelako. Eta ikastolak, hezkuntza kooperatibo herritartzat bere burua badauka, eragile horiekin guztiekin interakzioan jardun beharra dauka. Ezinbestean.
Udalerri gehienetan bezala, arrasatearrak udalerriko erdialdean batzuk eta auzoetan besteak bizi dira. Arizmendi Ikastolak bere hezkuntza kooperatibo herritarra Leintz bailarako hamabi gune edo eraikinetan garatzen du. Horietako bat, Santa Teresa ikastola-gunea deitua, Arrasateko Musakola, Zigarrola eta Santa Teresa auzo-multzoaren bihotzean dago Eta horri atxikia, orpotik orpora.
Horregatik, Arizmendi Ikastolaren hezkuntza-eraldaketaren markoa den Konfiantzaren Pedagogia eguneroko praxian saiatzearekin batera, Santa Teresa ikastola-guneko komunitatea erronka parekagarriaren aurrean aurkitu zen bere eraikina berritu behar izan zuenean 2016-17 ikasturtean. Eraldaketa pedagogikoari erantzungo zion eraldaketa arkitektonikoa egin behar zuen. Eta eraldaketa hori komunitatearen praxiarekin ezkondu behar zuen.
Abenduaren 17ko aurkezpenean arduradunek ziotenez, Santa Teresa ikastola-guneko barne arkitektura (espazioak) Konfiantzaren Pedagogiarekin uztartzeko lehen lanak hasi zituztenean, Santa Teresa ikastola-guneak auzoarekin beti izan duen interakzioa azpimarratu nahi izan zuten, ordura arte eraikinak zeuzkan espazio zailtasunak gainditzeko asmoz eta auzoaren jarduna ikastolaren espaziora ekartzeko gogoz.
Planteamendu horren muinean hezkuntza kooperatibo herritarra sendotzea zeukaten. Azken produktua, eraikina berritzea, alegia, eta horretaraino eramango zintuzten prozesua bera, biak, lan komunitarioaren emaitza eta jarduna izatea nahi zuten.
Eta horrelaxe izan da. Ikastolako ikasleek, gurasoek, profesionalek, mantenuko lankideek, auzokideek, arkitektoek eta udal teknikariek lagundu dute proiektuaren oinarrietan, diseinuan eta exekuzioaren azken orduko xehetasunetan. Lankidetza komunitarioaren ibilbidea egin zuten eta horren emaitza lortu.
Eraikin berritua, bestalde, bi urteko adinetik hasita hamabi urte dituzten neska-mutikoen hezkuntza garatzeko zenez, Konfiantzaren Pedagogiak adin tarte horretan dituen planteamenduak ahalbidetu behar zituzten. Horietan bat nabarmentzekotan, Santa Teresako arduradunen hitzetan, goxotasuna litzateke. Alegia, espazio horretan giro etxekoia, familiarra, konfiantzazkoa lortu behar zen. Ate nagusitik sartu orduko, gurasoek eta seme-alabek eurena den etxe komunitarioan zeudela sentitu behar zuten, profesionalek euren bokazioa garatzeko instalazio ezin hobeak zituztela bizi behar zuten, eta auzotarrek euren jardun sozialetarako besoak zabaltzen dizkien ikastola zeukatela bistaratu behar zuten. Hitz gutxitan adierazita, auzoaren konfiantzazko ikastola.
Aurkeztu zuten liburu horretan saiatu dira, gainera, aurreko liburuetan bezala, espazio eraldatuak dituen eraikin berritu horrek osatzen duen emaitza azaltzen, oso modu gardenean. Edonori irekita eta edonork ezagutzeko eran. Baita azken produktu horretaraino heltzeko egin zuten prozesua ere agerian jarria dute.
Horrela ikusi eta irakurri ahal dira zeintzuk diren espazioen eta metodologiaren arteko loturak, erronketan edota proiektuetan oinarritutako ikaskuntza (PROI) edota lanketa espezifikoak edota tailerrak jorratzeko espazioak nola moldatu diren, diseinu osoa adosteko prozesua nolakoa izan zen, behin beharrak identifikatu eta gero erabakiak nola ebazten zituzten, azken emaitzaren planoak, argazkiak … Eta altzariak, noski, espazioak bezain inportanteak baitira, espazioa probestea eta askotariko erabilera malgutzea errazten baitituzte.
Santa Teresa ikastola-gunekoak GU direlako, GUK egin dute: komunitatea, ikastola eta auzoa. Hezkuntza kooperatibo herritarra.