
Apustua egiten dugu hezkuntza-sistema bidezkoago eta kalitate handiagokoa sendotzen jarraitzearen alde. Inbertsioak egingo ditugu euskal hezkuntza-sistema osoaren digitalizazio integralaren bidean". Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzak dira, Eusko Jaurlaritza berria abiatzean, Legebiltzarrean boto kopuruaren gehiengoa bermatzen duten Euzko Alderdi Jeltzalearen eta Euskadiko Alderdi Sozialistaren legebiltzarkideen sostenguarekin.
Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaian gaude, artean gobernuak bi hilabete osatu ez duelarik. Lehen urratsa ekipoa osatzea da, eta horrek, neurri handi batez, balizko ibilbidea seinalatzen du. Hezkuntza Sailaz arduratzeko Jokin Bildarratz izendatu du lehendakariak; alegia, hezkuntza ez unibertsitarioa ondo ezagutzen duen ikastolako irakasle eta zuzendari ohia. Aldeko ditu Bildarratzek, berriz, udal administrazioa ondo ezagutzen duela, Tolosako alkatea eta Eudel erakundeko presidentea izan baita, eta Madrilgo Gorteetan egosten dela ezagutzen duela, urte batzuetan zehar Senatuko kide lanak bete baititu. Ez da seinale txarra, beraz, Bildarratz hautatzea.
Hezkuntza sailburu berriak, bidenabar, erakutsi beharra dauka bere ekipoa ere, a priori, erronkei erantzuteko gai dela. Izendapenek, ondorioz, horretarako aukera ematen dutela agerian utzi behar dute. Horren harira, Xabier Aizpurua izan da aukeratu duen lehena. Eta horren segidan Begoña Pedrosa. Administrazio Publikoan ibilbide luzea egin duena bat, eta ardura publikoetan etorri berria bestea. Xabier Aizpurua euskara irakaslea izan da, Hizkuntza Politikaren eremuan teknikaria eta arlo horretan izan diren arduradunen konfiantzazko profesionala. Euskal Herriko Unibertsitatean, berriz, kudeatzaile nagusia hainbat urtez izan da eta azken bi legealdietan ISEI (Hezkuntzaren eta Ebaluazioaren Erakundea) kudeatu du zuzendari lanetan. Hezkuntza Sailaren Administrazioa eta Zerbitzuen sailburuorde jardunerako jarri du Bildarratzek. Alegia, sailburuaren kudeaketa politikoaren sostengu ekonomikoaren eta makineriaren arduraduna.
Begoña Pedrosa Leintz bailaran ezaguna dugu. Bereziki, kooperatiba munduan. Bailaratik kanpo eta kooperatiba saretik at, aldiz, ikastetxe askotan ezaguna da Huheziko zuzendari edo dekano bezala, Fakultate horren berrikuntza eta ikerkuntza jarduerak direla medio. Alde horiek ditu Pedrosak bere maletan: Hezkuntzari buruzko ikuspegi osatua du eta XXI. mendeko lehen heren honetan ezinbestekoa den hezkuntza-eraldaketak ze lehentasun dituen ondo baino hobeto ezagutzen ditu. Hezkuntza sailburuordearen egitekoetarako gaitasunak bistakoak ditu. Bildarratz, Aizpurua eta Pedrosa, hirurak berriak Hezkuntza Saileko hiru postu nagusietan. Abagune eraberritua da, Cristina Uriarteren azken zortzi urteotako bi legealdien kudeaketaren ostean. Badute zeregina, bai horixe!
Euskal Autonomia Erkidegoaren hezkuntza-sistemak ezer behar badu, ez orain bakarrik, aspaldiko partez baizik, Eusko Jaurlaritzaren lidergoa da, Hezkuntza sailburuak erakutsi behar duena, hain zuzen ere. Sistema osoaren lemaria izan behar du, hezkuntza ez unibertsitarioaren aitzindaria, hezkuntza euskaldunak lurralde guztietan eta ikastetxe mota orotan bere garabide sendoa egin dezan, ikastetxe bakoitzari bere izaeraren arabera bere ibilbidea egiten erraztuz.
Egunerokotasunak –COVID-19 pandemia, finantzazio eta baliabide banatzea, han eta hemengo gatazkak…– Hezkuntza Sailaren ekipoko arduradunengan eragiten duen zorabiotik haratago, ekipo berriak bere jardunaren hiru norabide estrategikoren arabera
marratu beharko luke, nire uste apalean: lehena, praxi komunikatzailea, gobernatzeko estilo herritarra, ikastetxeak ezagutzeko, horien proposamenak entzun eta kontrastatzeko, eta ahal duen lekuraino adosteko; bigarrena, hezkuntza euskaldunak bizi behar duen eraldaketatik hiru eremu oinarrizkoak lehenestea –guztiak ezinezkoa baita)–, hots, Humanismo aktiboa –ikaslea erdigunean–,
Euskararen Aberria –ezagutzan + erabileran jauzia– eta Herri Digitala –azpiegitura eta ikas materialak–, ikastetxe edota herritarren arteko bereizketarik gabe; eta hirugarrena, Espainiako Gorteetan onetsiko den LOMLOE legearen eztabaida gertutik jarraitzea eta, ahal den neurrian, Euzko Alderdi Jeltzaleak duen pisua baliatzea Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharko den garapena eta egokitzapena gure hezkuntza euskaldunak behar duen berrikuntzaren mesedetan jartzeko.
Eusko Jaurlaritzaren erronka, eta artean eginkizun, den Hezkuntza euskaldunaren Legeak izan behar du ibilbide baten emaitza, Hezkuntza Sailak ordurako erakutsia izan behar duen aitzindaritzaren jauzi kualitatiboa, gobernu-akordioan jasotzen den konpromisoa betetzeko. Zorte on!
J.Iñaki Etxezarreta, zuzendari nagusia.
TALAIATIK IRITZIA: 2020-10-30 PUNTUA